Kontserbazioa. Odola ehun bizia da, eta odol-ematea egin ondoren, hozkailu berezietan gorde behar izaten da, segurtasun baldintzetan mantentzeko. Gatzatu dadin saihesteko, produktu kimikoak erabiltzen dira, globuluetarako toxikoak ez diren iraunarazleak. Gainera, tresna bereziak erabiltzen dira, odola eta odolaren osagaiak denbora gehiago kontserbatzeko.
Eskariak. Ospitaleek faxez egiten dituzte eskariak, eta transfusio zentroa gertu badago, odolaren bila eurak joaten dira, ontzi egokiekin.
Transfusio zentroa urrun badago, berriz, odola hegazkinez edo garraio enpresen bidez eramaten da ospitaleetara, ezarritako prozedurari jarraiki. Garraioa eskaria egin duen ospitalearen erantzukizuna izaten da.
Industria. Plasma, oro har, haren osagaiak bereizten dituzten enpresetara bidaltzen da, ia ehun produktutan banatzeko. Plasma izoztuta garraiatzen da.
Transfusioa. Ospitaleek gaixo bakoitzarentzat zer osagai behar dituzten ebaluatzen dute, eta transfusioa egin aurretik, laborategiko proba gurutzatuak egiten dira, kasuan kasuko osagaiaren eta hartzailearen arteko tolerantzia egiaztatzeko, odol taldea kontuan hartuta. Gaixoari ebakuntza egingo bazaio, transfusioa ebakuntza gelan bertan egin daiteke, eta bestela, xiringa muturra jarrita egin daiteke, gazura sartzen den bezalaxe.