1. Espainian ordaintzen al zaie odola ematen duten pertsonei?
Ez. Ordaindutako odol-emateak debekatuta daude, hartzailearen osasuna arriskuan jar dezaketen datuak ezkuta baititzake emaileak. Emaileak egindakoa aintzat hartzeko, batzuetan opariren bat egiten da (egutegiak, diru-zorroak, giltzatakoak…) eta odol-emate asko egiten dituztenei ohorezko domina ematen zaie.
2. Odol-ematea mingarria al da?
Ziztada egiteko unean baino ez da sentitzen zerbait. Orratzak bereziki diseinatuta daude, ahal den min txikiena egiteko, eta odol analisietarako erabiltzen direnek baino min txikiagoa egiten dute.
3. Odola emateak onuraren bat egiten al du?
Bai. Hasteko, gure eginbeharra bete izanak ematen duen poza; gaixo baten bizitza salbatu izanak edo haren bizi-kalitatea hobetzen lagundu izanak ematen duen poza. Eta gainera, odola eman aurretik egiten den osasun azterketan ordura arte sintomarik izan ez duten osasun arazoak detekta daitezke (tentsio arterial altua, arritmia, anemia, gibeleko gaixotasunak, infekzioak), eta garaiz detektatuz gero, errazago zuzendu daitezke. Hala ere, kontuan hartu behar da analisiok ez direla osasun azterketa arrunt batean egiten direnak bezain zehatzak.
4. Odola emateak ahuldu egiten al du?
Ez. Gure gorputzak etengabe sortzen eta berritzen du odola. Hain zuzen ere, 120 egunean behin gure gorputzeko odol guztia berritzen da, odola eman ala ez, eta odola ateratzeak ez du eraginik prozesu horretan. Gainera, legez xedatuta dagoenez, odol-emateak 2 hilabeteko gutxieneko tartearekin egin behar dira, gizonezkoek gehienez 4 odol-emate egin ditzakete urtean, eta emakumezkoek gehienez 3 odol-emate egin ditzakete urtean.
5. Odola emateak kalte egin al dezake?
Elkarrekin lotutako poltsa sistema eta gainerako materialak erabilera bakarrekoak dira. Beraz, ez dago gaixotasunak kutsatzeko arriskurik (HIESa, hepatitisa edo antzekoak). Emandako 450 mililitroak egun batzuen buruan birsortzen ditu gure gorputzak, inolako arazorik gabe. Emaile batzuek, lehenengo odol-emateetan, zorabio txikiak sentitzen dituzten, eta batzuetan hematoma txikiak agertzen zaizkie besoan, baina berehala desagertzen dira.
6. Zergatik egiten dituzten hainbeste galdera odola eman aurretik, ondoren odol unitate guztiak analizatzen badituzte?
Egindako analisiak oso fidagarriak izanagatik, badago "leiho garaia" izeneko tarte bat; hots, gaixotasun bat kutsatu denetik infekzioaren aurka borrokatuko diren antigorputzak agertu bitarteko tartea. Fase hori ezin da laborategian detektatu, eta horregatik, garrantzitsua da emailea argia eta zintzoa izatea, odol-emateetarako arriskutsuak diren jardueretan aritu ote den adierazteko orduan.
7. Odol transfusioak guztiz seguruak al dira?
Nork bere borondatez egiten dituela eta gaur egun egiten diren analisiak kontuan hartuta, odol transfusioak oso seguruak direla baieztatu daiteke. Arriskua oso txikia da, ebakuntza kirurgikoekin eta anestesia orokorrarekin lotutakoa baino askoz txikiagoa betiere.
8. Zein da odol talde onena?
Norberarena. Nork bere odol taldeko odola behar duenez, horixe bera da baliotsuena. Beraz, odol talde guztiak beharrezkoak dira. Nolanahi ere, badago "komodin" bat. Odol banku guztietan "O" motako odola bereziki erabilgarria da, larrialdietan edozein gaixorekin erabil daitekeelako.
9. Zergatik da ezinbestekoa odola?
Aurrerapauso zientifikoak eta teknologikoak gorabehera, giza odola artifizialki sortu ezin delako.Gizakiok baino ezin dugu sortu giza odola, gure gorputzean, eta ondorioz, gizakion eskuzabaltasuna ezinbestekoa da odola lortzeko.
10. Nork behar du odola?
Emaileok doan ematen dugun odolak erabilera asko ditu: ebakuntza kirurgiko konplexuak, odol asko behar duten organoen transplanteak, gatzatze faktoreren bat behar duten gaixo hemofilikoak, odoleko beste gaixotasun batzuk, leuzemia duten gaixo batzuk (eskasiak dituen eta gaixo dagoen odola ordezkatzeko aldian behin odol osasuntsua behar izaten duten gaixoak), minbizia duten gaixoak, istripuen ondorioz odoljarioak dituzten gaixoak…
11. Eman al daiteke odola hilerokoarekin egonagatik?
Bai, ez dago eragozpen berezirik. Min handia duzunean, "sasoi onean" ez zaudenean, edo odol asko galtzen duzunean izan ezik.
12. Eman al dezaket odola berriki atzerrian izan banaiz?
Bai, zer herrialdetan eta noiz izan zaren kontuan hartuta. Herrialde edo eskualde batzuetan odol-emateetarako kaltegarriak diren infekziozko gaixotasun batzuen arrisku endemikoa dago (paludismoa edo Chagasen gaixotasuna, esate baterako), eta kasu horretan, "berrogeialdia" egin behar izaten da, odola eman aurretik. Bazterketa faktoreak ugariak direnez, transfusio zentroko langileei egindako bidaien berri ematea komeni da, dagokion ebaluazioa egin dezaten.
13. Eman al dezaket odola hepatitisa izan badut?
Ez dago arazorik hepatitisa 15 urte bete aurretik izan baduzu. Nolanahi ere, transfusio zentroko sendagileari galdetzea komeni da, dagokion azterketa egin dezan eta zer egin behar duzun jakinaraz diezazun.
14. Eman al dezaket odola tatuaje bat edo piercing bat egin badut?
Azaleko eta mukosetako tatuajeak edo zuloak (belarritakoak, piercingak, depilazio elektrikoa…) esterilizatu gabeko materialarekin egin badituzu, 4 hilabetez ezin izango duzu odolik eman. Baina tatuajeak edo zuloak baldintza higieniko egokietan egin badituzu (erabilera bakarreko materialarekin edo material esterilizatuarekin), ez dago eragozpenik.
Fernando, itzultzailea, 47 urte, Iruñea
Odol-emailea naiz... “ahalegin pertsonal txiki bat eginez odola behar duten pertsonak lagundu ditzakedalako; Osasuna denon eskubidea delako".
Mª Ángeles, etxekoandrea, 60 urte, Iruñea
Odol-emailea naiz... “gustokoa dudalako eta laguntzeko gauza ez izateak pena emango zidalako. Laguntzeko modu bat da".
Marco, ikaslea, 19 urte, Iruñea
Odol-emailea naiz... “eskura laguntzeko nuen modu bat zelako".
Jesús María, suhiltzailea, 45 urte, Sarriguren
Odol-emailea naiz.... “larrialdiekin lotuta dagoen arloan lan egiten dudalako ".
Sulma, ikaslea, 26 urte, Iruñea
Odol-emailea naiz... “pertsonak laguntzeko modu on bat delako eta nire odolaz bizitzak salbatzen lagundu dezakedalako, Espainiara iristean oso ondo jaso nindutelako".
Itziar, ikaslea, 21 urte, Aria
Odol-emailea naiz...“Pertsona asko lagundu dezaken keinu txiki bat delako".
Félix, Justizia departamentuko funtzionarioa, 51 urte, Zizur Nagusia
Odol-emailea naiz... “besteak laguntzeko, solidario izateko eta, gainera, ahalegin txiki bat besterik ez delako".
Jesús, ikaslea, 21 urte, Gares
Odol-emailea naiz... “oso gutxi kostatzen zaidalako eta besteendako onura bat delako".
Fernando, erretiratua, 65 urte, Barañain
Odol-emailea naiz... “nire analitika baten emaitzak ikusi ondoren, medikuak gomendatu zidalako"
Javier, mekanika proiektugilea, 32 urte, Uharte
Odol-emailea naiz... “odol behar handia dagolako”.
Javier, ikaslea, 20 urte, Mutilva Alta
Odol-emailea naiz...“besteak laguntzeak ongi sentiarazten nauelako eta ahaleginik kostatzen ez zaidalako".
Josefa, laguntzailea, 59 urte, Iruñea
Odol-emailea naiz... “odol beharren dauden pertsonengatik”.
Alfredo, metalurgialaria, 61 urte, Muruzabal
Odol-emailea naiz... “besteak laguntzeko”.