Hezur muina emateko beharrezkoa da emailea bateragarria izatea hezur muina behar duen gaixoarekin. Ordura arte, hasierako urratsak baino ez dira egiten.
Nafarroako Odol Transfusioen Zentroan (Odol Bankua) zure osasun egoerari buruzko galdera klinikoak egingo dizkizute eta baimen informatuaren orria sinatuko duzu.
Odol lagin bat aterako dizute, zure osasun datuak osatzeko (odol taldea, Rh-a, HLA eta serologia).
Hezur muinaren emaile izan zaitezkeela egiaztatu ondoren, zure datuak Hezur Muinaren Emaileen Espainiako Erregistroan sartuko dira, eta automatikoki, baita nazioarteko erregistroan ere, mundu osoko emaile potentzialak biltzen dituen erregistroan.
Emailearen hezur muinarekin bateragarria den gaixo bat aurkitzen denean, hurrengo urratsa hezur muina ematea izaten da. Bi prozedura daude aitzindari hematopoietikoak ateratzeko.
Ia ez da erabiltzen. Gaur egungo donazioen %2 baino gutxiago egiten dira horrela.
Ebakuntza kirurgikoa. Anestesia orokorraren edo epiduralaren eraginpean egiten den ebakuntza da, ospitale espezializatuetan betiere. Sendagileek orratz xurgatzaileak eta xiringak erabiltzen dituzte hezur muina ateratzeko, mokorretik (azpilaren atzealdetik).
Ez du ondoriorik. Emailearen hezur muina egun gutxiren buruan hasten da birsortzen, eta 4-6 aste behar izaten dira guztiz birsortzeko. Emaileak 24 orduz ospitalean egon behar izaten du.
Albo ondorioak eta lehengoratzea. Baliteke emaileak zenbait egunez mina sentitzea bizkarraren behealdean. Emaile asko egun gutxiren buruan bueltatzen dira egunerokotasunera.
Gaur egungo donazioen %98 baino gehiago teknika horren bidez egiten dira.
Aferesi makina. Emailea aferesi makina batekin lotzen da, ospitaleratu eta anestesiatu gabe. Irteerako xiringa muturra jartzen zaio beso batean, eta sarrerako xiringa muturra, berriz, beste besoan. Makinak odola zirkuitu batean barrena igaroarazten du etengabe, eta beharrezkoak diren zelulak hartu ondoren, gainerako odola emaileari bueltatzen dio, sarrerako xiringa muturrean barrena. Saio gehienak 4-5 ordukoak izaten dira.
Injekzio akuilatzailea. Donazioa egin aurreko egunetan injekzio akuilatzailea jartzen zaio emaileari, odolean zelula odol-sortzaileen kopurua handitzeko.
Albo ondorioak eta lehengoratzea. Baliteke emaileak buruko, hezurretako edo muskuluetako mina izatea donazioa egin aurretik, zenbait egunez. Ondoeza donazioa egin eta gutxira desagertzen da.