Legez araututa. Odola ematea erraza da, ia ez du minik egiten, eta sendagileen kontrolpean egiten da. Gainera, odol-ematea segurua da, eta emaileari zein hartzaileari kalterik egingo ez zaiela bermatuta egiten da. Odol-emateak 1088/2005 Errege Dekretuak arautzen ditu.
Lehenengo bisita. Nafarroan, lehenengo bisitaren helburuak honako hauek izaten dira: emaile potentzialei odol-ematearekin zerikusia duten alderdi guztiei buruzko informazioa ematea, emaile potentzialek beharrezko baldintzak betetzen ote dituzten aztertzeko datuak biltzea, eta ongi informatutako odol-emaile osasuntsuek eta arduratsuek osatutako talde fidel bat sortzea ahalbidetuko duen konfiantza giroa sortzea.
Odol-emate arrunta. Emanaldi bakoitzean 450 ml odol atertzen dira, eta odola gatzatzearen aurkako soluzioak dituzten poltsetan sartzen da, baldintza egokietan gordetzeko. Odol-emate arruntetan, globulu gorrien poltsa bat (kontzentratua), plasma poltsa bat, eta beharrezkoa izanez gero, plaketa poltsa bat atera daitezke.
Maiztasuna. Gizonezkoek, gehienez 4 odol-emate egin ditzakete urtean, eta emakumezkoek, gehienez 3 odol-emate urtean. Odol-emateak 2 hilabeteko gutxieneko tartearekin egin behar dira.
Aferesi bidezko odol-ematea. Odol-emate mota berezia da; izan ere, makinen bidez odola ateratzen da, bere osagaiak bereizten dira, beharrezkoak direnak hartzen dira, eta gainerako odola emaileari bueltatzen zaio. Teknika bereziki onuragarria da gaixoentzat, beharrezkoak diren osagaiak odol-emate arruntetan baino askoz kantitate handiagoan ateratzen direlako, eta gainera, arriskua txikiagoa delako. Emailea berdin-berdin lehengoratzen da.
Maiztasuna. Beharrezkoa izanez gero, 15 egunean behin errepikatu daiteke. Dena den, aferesi bidezko bi odol-emateren artean 30 eguneko tartea uztea komeni da. Odol-emate arrunt baten eta aferesi bidezko odol-emate baten artean, berriz, 60 eguneko tartea utzi behar da.
Auto-transfusioa. Ebakuntza batean odol transfusio bat beharko duten gaixoekin erabiltzen den teknika da. Hala, ebakuntza egin aurretik, aste batzuk lehengo, odol unitate bat edo batzuk ateratzen zaizkio gaixoari, ebakuntzan bere odola isuraldatu ahal izateko. Osasun egoera onean dauden gaixoei bakarrik egiten zaizkie auto-transfusioak.
DATUAK
Emaile zenbakia egokitzen da, datu pertsonalak hartzen dira, eta odol-emateari buruz informazioa ematen da.
HISTORIA KLINIKOA
LAGINA
Lau lagin ateratzen dira, odol taldea zehazteko, hemograma bat egiteko, serologia proba bat egiteko, eta antigorputz irregularren zenbaketa egiteko. Aferesi bidezko odol-emateetan gatzatze proba, proteinograma, eta immunoglobulinen proba ere egiten dira.
ALTA
Emaile potentzialei posta arruntez jakinarazten zaie emaile gisa onartu dituzten ala ez.
Informazioa eta baimena. Hasteko, odol-emaileen zerrendan ez onartzeko arrazoiei buruzko galdera sorta berrikusten da, eta odola ateratzeko eta ateratako odola erabiltzeko baimena sinatzen da.
Hemoglobina eta tentsioa. Emaileari hatz bateko mamia ziztatu eta odol tanta bat ateratzen zaio, hemoglobina kantitate egokia duela egiaztatzeko. Ondoren, odola ateratzeko gelan, tentsioa hartzen zaio eta bihotz taupaden maiztasuna neurtzen zaio.
Atseden hartu. Odola atera ondoren, suspertze gelara eramango zaituzte, joan aurretik bertan atseden har dezazun. Oro har, hamar minutu igarotzen dira bertan.
Zer moduz zaude? Adonako laguntzaile bat zurekin egongo da. Esaten diozuna entzungo du, ongi ote zauden gainbegiratuko du, eta odola atera osteko mokadutxoa nola hartu behar duzun azalduko dizu.
Albo ondorioak. Odol-emateak oso jasangarriak dira, baina batzuetan, batez ere lehenengo odol-ematean, albo ondorioak jasan daitezke: ziztadak eragindako ondoeza (hematomak, arteria bat edo nerbio bat ziztatu izana…); zorabioak edo arterietako presioaren beherakada; goragalea, gorakoa, sabelaldeko ondoeza eta izerditzea; eta oso gutxitan, tratamendua behar izaten duten arazoak (zorabioa, espasmoak edo arritmia). Gorabehera horiek guztiak odol-ematea egin den zentroko osasun langileek artatzen dituzte.
Suspertu. Hainbat elikagai eskainiko dizkizute, suspertzeko: zukuak, freskagarriak, ogitartekoak, tartak... Garrantzitsuena odol-ematean galdutako likidoa berreskuratzea da.